Askabide elkarteak Lehendakariaren eskutik jaso du Emakunde Saria, prostituzio eta giza-bazterketa egoeretan dauden emakumeekin egindako lanagatik

Iñigo Urkullu lehendakariak – Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera – Berdintasunerako Emakunde Saria eman dio gaur goizean Askabide elkarteari. Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta 1985etik Euskadin prostituzio-testuinguruetan edo gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen egoera hobetzeko lan egiten du. Epaimahaiak aho batez eman du sari hori, Askabidek emakumeen kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzeko egindako ibilbideari balioa emanez.

Askabidek ibilbide luzea du, 80ko hamarkadan hasi zena Bilbon, boluntario talde batek auzo batzuetako prostituzioaren errealitateari buruz zuen kezkagatik. Garai hartan egoera hori larriagotu egin zen, emakumeen kolektibo horrek gizarte-estaldura eskasa zuelako eta HIESaren gaixotasuna agertu zelako.

Harrezkero, hainbat ekintza eta proiektu garatu dira, Euskadiko prostituzioaren ingurunetik datozen emakumeen bizi-kalitatearen alderdi esanguratsuak hobetzeko. Berdintasun-printzipioarekiko konpromisoa eta genero-ikuspegitik egindako lana oso errotuta daude Askabiden, informazioa emakumeen autonomia, berdintasuna eta ahalduntzea sustatzeko esku-hartzearen tresna gisa erabiltzen baitu.

Miriam Santorcuato Askabideko presidenteak adierazi duenez, «Emakunde saria jasotzeak, Askabidean gure DNAren zati den zerbaiti balioa ematen dio, eta hori da gure lanaren oinarri nagusia: Justizia soziala». Bere hitzaldian azpimarratu duenez, Askabiden «gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun egoerak sortzen dituzten faktoreak eta baldintzak ezabatzen lagunduko duten neurriak eta ekintzak garatzen ari dira, prostituzioan aritzen diren emakumeek jasaten duten indarkeriaren prebentzioan arreta berezia jarriz». Santorcuatoren hitzetan, «Askabideren misioa eta izateko arrazoia prostituzioan aritzen diren emakumeen egoera identifikatzea, artatzea, erantzutea eta hobetzea da; izan ere, babesgabetasun handia eta muturreko bazterketa-egoera duen kolektibo bateko kide dira».

Albiste osoa Irekia webgunean ikus dezakezu.